Ordiziako txirrindulari eskolak babesle berriarekin hasi du denboraldia (2011/03/17)
Ordiziako txirrindulari eskolak asteburuan ekin zion denboraldi berriari, Beasainen jokatu zen lasterketarekin. Bide batez, Ikolan Lanaldi babesle berriaren aurkezpena ere egin zuten. Beasaingo proban, infantil mailan, talde horretako Andoni Elortzak erlojuaren aurkako proba irabazi zuen, eta bigarren egin zuen lineako lasterketan. Alebinetan berriz, Mikel Alonsok bigarren egin zuen. Taldeko hiru neskek ere lan “bikaina” egin zuten, Ziortza Barandiaranek, Elena Zubiaurrek eta Josune Aldanondok, bakoitzak bere kategorian irabazi baitzuen.
Lasterketaren amaieran, Ikolan Lanaldi babesle berriaren aurkezpen ekitaldia egin zuten. Bertan izan ziren Ikolaneko Juanjo Gonzalez eta Ordiziako txirrindulari eskolatik pasatako hainbat txirrindulari: Aitor Perez Arrieta, Dioni Galparsoro eta Garikoitz Bravo, besteak beste.